Elur-bola Lurra

Alaskako bankisaren ikuspegi bat. Beharbada halakoa zen lurrazal guztia Elur bola lur bezala ezagutzen den izotz aroan.

Elur bola lurra (ingelesez Snowball Earth) glaziazio globala edo superglaziazioa Garai Kriogenikoan mundu mailako glaziazio bat edo gehiago gertatu zela defendatzen duen hipotesi paleoklimatiko bat da, glaziazio horietan kontinente eta ozeano guztiak izotz geruza handi batez estalita geratuko zirelarik, -50 gradu zentigraduko bataz besteko tenperaturara iritsiz. Hortaz, garai horretan, Lurra, espazioan zehar, izotzezko bola zuri bat bezala joango zen, eta hortik bere izen esanguratsu hau.

Hipotesi hau defendatzen dutenek hamar milioi urte gutxienez iraungo zuela diote, gertakari hau Lurrean gertatutako glaziaziorik handiena izateaz gain iraunkorrena ere izango litzatekeelarik. Biosferan izan zuen eragina hain handia izan zen bizitza lurretik desagertzeko zorian egon zela. Duela 750 milioi urte eta duela 580 milioi urte bitartean gertatutako lau glaziazio global proposatu dira, eta, beraz, Elur bola lur izena, batzuetan modu generikoan erabiltzen da ia mundu mailako edozein glaziaziori erreferentzia egiteko, eta ez soilik duela 750 milioi urte gertatu zenari.

Teoria, oraindik, zientzialarien artean eztabaidagai da. Bereziki, berau eragin zuen mekanismoa eta bere benetako hedadurari buruzko adostasun falta dago. Zientzialariren batzuk, erregistro geologikoaren berinterpretazio batean oinarrituta, mundu mailakoa izan zela ukatzen dute, pleistozenoan gertatutako glaziazioen mailara murriztuz.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search